Go to Top

Urtebetez haurdun gelditu nahian dauden bikoteen % 15ak ez du haurdunaldia lortzen

Bikote batek familia sortzeko erabakia hartzen duenean, haurdunaldia lehenbailehen iritsiko dela pentsatuz egiten du. Zein da lehenengoan haurdun gelditzeko aukera?

Ugalkortasun adinean dagoen emakume batek haurdun gelditzeko gutxi gorabeherako % 20ko aukera du hilabetero. Urtebete igaro ostean, adinaren arabera, bikote gehienen kasuan aitatasuna eta amatasuna iristen da, hala ere, 6tik batek ez dute lortzen. Ugalkortasun gaitasuna galtzen ari ote gara?

Gaur egun, ugalkortasunean eragiten duen faktorerik esanguratsuena amaren adina da, izan ere, laguntza bidezko ugalketa tratamenduetara bideratzen diren bikoteen % 70an presente dago. Estatistikaren Institutu Nazionalaren arabera, emakume gipuzkoarrek lehen seme-alaba bataz beste 32 urterekin izaten dute; emakumeen ugalkortasun adina 18 urtetik 35 urtera dela kontuan izanik, berandu. Alegia, ugalkortasuna bere funtsean ez da arazoa.

Edozein modutan, emakumearen adinaz haratago, ugalkortasunean eragina izan dezaketen beste hainbat faktore ere badaude. Azkenaldian argitaratutako ikerketen arabera, ugalezintasunak emakumean du jatorria % 40an, beste %40an gizonezkoengan eta gainontzeko % 20ko ugalkortasun arazoak biek edo faktore ezezagunek eragiten dute.

Ondorioz, emakume batek haurdunaldia era naturalean lortzen ez duen kasuetan, garrantzitsua da laguntza bidezko ugalketa zentro batera jotzea zergatia diagnostikatu ahal izateko. Elisa Pérez eta Estefanía Rodríguez doktoreek, Euskal Ugalkortasun Institutuko ginekologo eta zuzendari medikuek, bat egiten dute diagnostiko honen garrantzian. Euren gomendioen arabera, 35 urtera arteko emakumeen kasuan, urtebete saiatzen aritu ondoren joatea aholkatzen da; 35 urtetik gorakoenean, aldiz, 6 hilabetera kontsulta informatiboa egitea da gomendioa.

Lehen urrats hau funtsezkoa da, izan ere, Rodriguez doktoreak dioenez, “diagnostikoa kasu askotan erabakigarria da, eta irtenbidea ikusteak hilabetez hilabete haurdun gelditzen ez diren bikoteen karga psikologiko eta emozionala arintzen du”. Gainera, “lehen diagnostiko baten ostean, eta ugalkortasun profesionalek gidatutako tratamendu pertsonalizatu bati esker, bikoteen gehiengoak haurdunaldia lortzen dute”. Etapa berri bat hasten da.

Zer jasoko duzu informazio kontsulta batean

Laguntza bidezko zentro batekin egiten den lehen kontaktuak hiru helburu nagusi ditu. Bikoteak erantzun bila iristen dira beti, hortaz, lehen helburua, eta garrantzitsuena, euren zalantzak argitzea da. “Gaur egun internet-i esker informazio asko eskura dugu, baina, informazio horrek askotan ez dio arazo konkretu bati erantzunik ematen. Entzuteko gaitasuna finduz, ginekologia eta enbriologia taldea gai izan behar da bikotea zein egoeratan dagoen identifikatzeko eta ordura arte zein prozesu bizi izan duten ulertzeko” adierazi du Ainhoa Gómezek, laguntza bidezko ugalketa zentroetan 15 urte baino gehiagoko esperientzia duen pazienteen arreta arduradunak.

Bigarren helburua nola lagundu dezakegun azaltzea da. Tratamendu eta teknika desberdinak existitzen dira arazo mota anitzei bideratuta, beraz, garrantzitsua da bikoteek laguntza bidezko tratamenduen nondik norakoak ulertzea, prozesua nolakoa den jakitea eta eskura dituzten aukerak zeintzuan diren ezagutzea. Laguntza bidezko ugalkortasuna mundu ezezaguna da gizartearen gehiengoarentzat, eta garrantzitsua da zentro bakoitzak eskaintzen dituen teknika desberdinak ulertzea.

Azkenik, “Ugalkortasunaren Euskal Institutuan espektatiben kudeaketari berebiziko garrantzia ematen diogu”. Laguntza bidezko ugalketa tratamendu batek karga emozional handia du eta, gainera, kontuan izan behar dugu bertaratzen diren pertsonak frustrazioarekin eta animikoki nekatuta iristen direla. Horregatik, funtsezkoa da elkarrizketan enpatiaz eta gardentasunez hitz egitea eta zer espero daitekeen ongi zehaztea. “Batzuetan ez dira elkarrizketa errazak izaten, baina gardentasunak beti izan behar du lehentasuna”.

Kontsulta informatiboaren ostean, bikotearen esku gelditzen da tratamenduan hastea edo ez, hau da, laguntza profesionalik gabe saiatzen jarraitzea. Baina argi dugu, erabaki horretan ere, informazioa lehen erreminta dela biderik egokiena hautatzeko; egokiena bikote bakoitzarentzat.

 

Más Salud gehigarriko jatorrizko artikulua irakurri

, ,

Leave a Reply

Your email address will not be published. Required fields are marked *