Go to Top

Gertatzen ari zaizuna ulertzeak eta bakarra ez zarela jakiteak laguntzen du

Laguntza bidezko tratamendua egiterakoan bizitako une eta sentsazioak gogora ekartzean, orduan bizitako une gogorrak datozkio burura. Hala ere, bere esperientzia gurekin partekatu nahi izan du, edonori laguntzeko nahiarekin. 
Mila esker zure tratamenduaz hitz egiteagatik eta prozesu hau bizitzen ari diren emakume zein bikoteei lagundu nahi izanagatik. Laguntza Bidezko Ugalketaz hitz egitea garrantzitsua dela uste al duzu? Zuretzako erraza izan al da bizitakoa partekatzea?

Egia esan, ez zait kostatzen. Batzuetan pentsatzen dut honekin hasi nintzenean “mentore” edo gaur egun dakidan guztia jakitea asko eskertuko nukeela. Hortaz, bai, hitz egitea ona dela uste dut.

Nire bikotekidea eta ni gure bizipenen bidez ikasten joan gara, horregatik, norbaitek galdetzen diogu, atsegin handiz kontatzen diogu. Azken batean, nire hitzek egoera berean dagoen emakume edo bikote bati laguntzen badio, oso pozik egongo naiz. Are gehiago, hau irakurtzen duen norbaitek nirekin hitz egin nahiko balu zuzenean, prest egongo nintzateke noski. ,

IVF Donostiara etorri aurretik beste tratamendurik egin al zenuen?

Bai, nire alaba zaharrena Osakidetzan egindako tratamendu baten bidez jaio zen. Guztira bikoteak eta nik 7 tratamendu egin ditugu 2 haurdunaldi lortzeko. Lehenengo 6ak Osakidetzan izan ziren, 3 intseminazio artifizial eta 2 ICSI bidezko In Vitro Ernalketa lehen haurdunaldia lortzeko, eta beste azken saiakera bat bigarren haurdunaldiaren bila jarri ginenean. Azken honetan ez genuen lortu eta orduan IVF Donostiara jo genuen. Ezarpenaren aurreko analisi genetikoa (PGT-A) teknika erabiliz ICSI tratamendua egin zidaten eta lehenengoan gelditu ginen haurdun.

Azalduko zeniguke ezin haurdun gelditzearen prozesua nola bizi izan zenuen.

Endometriosia dut eta ebakuntza egin zidatenetik pilula antikontzeptiboa hartzen nuen. Oker nengoen hau uzterakoan lehen saiakeran haurdun geldituko nintzela pentsatzen nuenean. Hilabeteak igarotzen hasi ziren eta ezer ez, … Hilekoa etortzen zitzaidan bakoitzean triste jartzen nintzen baina “jendeari pixka bat kostatzen zaio eta normala da” pentsatuz lasaitzen nuen nire burua. Edozein modutan, endometriosiak haurdun gelditzeko aukerak murriztu zitzakeela banekienez, medikuarengana joatea erabaki genuen informazio eske.

Nolakoa izan zen lehen harreman hori, zer sentitu zenuen kontsultatik irteterakoan?

Egia esan behar badut, ilusioarekin eta “ze ondo, lagundu gaitzakete” pentsatuz irten nintzen, baina bestalde “zergatik guri?” ere askotan galdetzen nion nere buruari, bikote batzuk elkar begiratuz haurdun gelditzen baitira.

Tratamenduan hasi zaretenetik, zer izan da gogorrena?

Itxaroteak… Prozesu guztian zehar momentu askotan itxaron egin behar duzu: hilekoa jaitsi arte itxarotea, estimulazioa amaitu arte itxarotea, transferentzia egunera arte itxarotea… eta burutik kendu nahi baduzu ere, zenbait momentutan ezinezko da. Emakume bezala guztia aztertzen hasten zara, sentitzen duzuna, sentitzen ez duzuna, sentitu beharko zenukeena eta sentitzen ez duzuna…

Osakidetzaren kasuan, prozesuari itxarote zerrenda erantsi behar zaio. IVF Donostiarekin alderatuz nabarmenduko nuke prozesua azkarragoa izan dela klinika zure tratamendura moldatzen delako, hau da, transferentzia igandean tokatzen bada, igandean egiten dute…

Eta zein izan da unerik alaiena?

Emaitza positiboa jaso genuen unea ederra izan zen, baita oso oroitzapen polita dut, odol analisiak egitera joan nintzen egunarena ere.

Bigarren haurdunaldiak lehenengoarekin alderatzea normala da. Aurretik huts egin zuten ziklo guztietan beti odol jario txikiak izaten hasten nintzen eta azkenean hilekoa jaisten zitzaidan. Nire alaba zaharrenarekin haurdun gelditu nintzenean, ordea, ez zen horrelakorik gertatu.

IVF Donostiako transferentziaren ostean, odol jario txiki batzuk izan nituen eta dena amaitu zela pentsatu nuen. Lantaldearekin hitz egiten nuenean lasai egon behar nuela esaten zidaten, itxaron behar genuela, baina nire kezka eta amorrua nabarmenak ziren. Haurdunaldiaren emaitzak izateko odol analisiak egitera joan nintzen egunean Edurne erizaina dut buruan. Odola atera zidan, besarkada indartsu bat eman zidan eta goxotasun osoz esan zidan: “Ea ba…”. Gero positiboaren deia jaso nuen.

Une hori bereziki gogoratzen dudalako erizainek prozesu osoan zehar egiten duten lan bikaina azpimarratu nahiko nuke, maitasun handiarekin artatu naute. Irribarre bat eta maitasun keinu bat izugarri eskertzen dira…

Laguntza Bidezko Ugalketaren iraultza errealitate bihurtu da, nabarmen gainera genetika arloan. Zure kasuan, zer suposatu du Ezarpen Aurreko Analisi Genetikoa teknika erabiltzeak?

Teknika hau bigarren haurdunaldiaren kasuan egin didate, IVF Donostian. Nire kasuan 8 enbrioi nituen eta guztiak aztertu ostean euploide bakarra nuen, hau da alterazio kromosomiko gabeko enbrioi bakarra. Pentsa enbrio egokiena aukeratzeak duen garrantzia!

Nire lehen kontsultetan 2 enbrioi transferitzeko aukera ote zegoen galdetzen nuen tratamenduaren efizientzia aregotzeko nahiarekin. Orain ikasi dut 2 enbrioi transferitzeak haurduntza anizkoitzak izateko aukera soilik areagotzen duela, hau da, ezarpen aukerak igotzeko gakoa ongi aukeratutako enbrio bakarra transferitzea dela, alegia.

Zer da bidelagun izan dituzun profesionalengadik gehien baloratzen duzuna?

Informatuta egotea. Azalpen guztiak argiak izatea ezinbestekoa da zer lortu dezakezun jakiteko. Nire kasuan errealista naiz eta zer gertatzen ari zaidan ondo jakitea behar dut, zergatik gertatzen ari zaidan ulertzeko.

Horretaz gain, bidelaguntza bera funtsezkoa dela uste dut, babestuta egotea eta bakarrik ez sentitzea. Pertsona gehiago egoera berean daudela jakiteak laguntzen du, noski.

Zer esango zenioke zuk bizitako egoera berean dagoen emakume edo bikote bati? Hau da, bizitako guztia bizi aurretik…

Informazio eske lehenbailehen joateko gomendatuko nioke, zer gertatzen ari zaion jakiteko ahalik eskerren. Behin informazioa eskuartean duzunean, norbera libre sentitu dadila erabakia hartzeko.

Honez gain, jendeak egin ditzakeen komentario mingarriei ere kasurik ez egiteko esango nieke, batez ere prozesua bizi ez duten pertsonengandik datozenean.

Laburtuz, aukeratu dituzun profesionalekiko konfiantza izatea funtsezkoa da lasai egoteko, azken batean, zu zure esku dagoen guztia egiten ari baitzara. Frustrazioa sentitzea saihestezina den arren, haurdun gelditzeko eta familia bat sortzeko modu asko daudela ikasi dut. Eta batez ere, prozesuan zehar, emakume zein gizonezkoei esango nieke euren burua ez zigortzeko. Obsesionatzen bazara, obsesionatzen zara… zeure buruari dena barkatu, ez saiatzea izan ezik.

, , , , , , , ,

Leave a Reply

Your email address will not be published. Required fields are marked *