Go to Top

Haurdunaldi anizkoitzak eta laguntza bidezko ugalketa

In Vitro Ernalketa tratamenduetan enbrioi bat baino gehiago transferitzen denean haurdunaldi anizkoitzak izateko aukera areagotzen da. Ugalkortasunaren Euskal Institutuan beti azpimarratzen dugu 5. egunera arte garatutako enbrioi bakarra, (blastozisto izenez ezagutzen dena) transferitzearen garrantzia, tratamenduaren arrakasta handitu eta bikiak izatea saihesteko. 

Gaur egun lehen baino biki gehiago jaiotzen al dira? Bai. Kalean haur-kotxe bikoitz gehiago ikusten ari gara azken urteotan eta ez da pertzepzio kontua, errealitatea baizik. Laguntza bidezko tekniken agerpenak eragina izan du tendentzia honetan, izan ere, haurdunaldi anizkoitzen %60 In Vitro Ernalketa tratamendu bidez haurdun gelditu diren bikote edota emakumeen kasuak dira. 

Fenomeno honen azalpena erraza da. Laguntza Bidezko Ugalketa tratamendu batean enbrioi bat baino gehiago transferitzen direnean, emakumearen umetokian uzten diren enbrioi guztiak ezartzearen arriskua dago eta, hori gertatzen denean, haurdunaldi anizkoitza gertatzen da. 

Laguntza Bidezko Ugalketa zentroetan bikien haurdunaldiak murrizteko kontzientziazio lan sakona egiten ari den arren, Espainiako Ugalkortasun Elkartearen datuen arabera, 2017an egindako transferentzien %60an* 2 enbrioi transferitu ziren.  

*Bikotearen izoztu gabeko transferentziak

Teknika hau gauzatzen duten zentroen argudio nagusia da 3. egunera arte garatutako bi enbrioi transferitzeak tratamenduaren arrakasta aukerak areagotzen dituela. Hala ere, ikerketa ugarik erakutsi dute 3. egunera arte laborategian garatu den enbrioi baten ezarpen tasa % 31,1ekoa dela; 5. egunera arte garatzen den enbrioiarena, blastozistoena, aldiz, % 50,5ekoa da. Beraz, 5. eguneko enbrioi bakarra transferituz arrakasta tasa berdindu daiteke haurdunaldi anizkoitza ekidinez. 

Enbrioi bakarra transferitzen dugunean, oso garrantzitsua da zein transferitzen dugun ongi erabakitzea, eta lan honetan teknika eta teknologia desberdinak erabili ditzakete enbriologiako profesionalek. Geri+ inkubagailuak, esaterako, enbrioien garapenaren etengabeko jarraipena egitea ahalbidetzen du integratuta duen Time-Lapse sistemari esker. Maria Velasco-k, Ugalkortasunaren Euskal Institutuko enbriologoak, azaltzen duenaren arabera, etengabeko jarraipen honek kalitate morfologikoa aztertzeaz gain, enbrioien morfozinetika (dibisio denborak) aztertzea ahalbidetzen du, informazio guztiarekin enbrioi egokiena hautatu ahal izateko.

PGT-A testak ere, ezarpen aurreko analisi genetikoak, tratamenduen arrasta mailan eragin nabarmena du, batez ere, 38 urtetik gorako emakumeen haurdunaldien kasuetan. Adin batetik aurrera, emakumeen obuluek alterazio kromosomiko gehiago izaten dituzte. Test honek alterazio kromosomikoak dituzten enbrioiak identifikatzeko balio du, 46 kromosoma dituzten enbrioiak aukeratzeko, izan ere, alterazioekin transferitzen diren enbrioiek ezarpen arazoak edota errepikapeneko abortuak eragin ditzakete. 

Bikien haurdunaldiak ekiditea, zergatik?

Ugalkortasunaren Euskal Institutuan blastozisto fasera iritsi den enbrioi bakarra transferitzearen aldeko apustu irmoa egin dugu eta arrazoia argia da: bikien haurdunaldiak arriskuko haurdunaldiak dira. Bikote batek guregana jotzen duenean, normalean, arazoak ditu haurdunaldia lortzeko eta seme-alabak izateko, eta gure erronka laguntzea izan behar da, modu eraginkorrenean, teknika aurreratuenak erabiliz eta haurdunaldia ahalik eta seguruena izan dadila bermatuz. 

Haurdunaldi anizkoitzen arriskurik handiena prematuritatea da: bikiak 33 eta 36 asteen artean jaiotzeko aukera % 36,5ekoa da. Hala ere, haurdunaldi anizkoitzek beste hainbat arrisku eragin ditzakete amarengan edota haurtxoengan. Horregatik, gure apustu garbia mota honetako haurdunaldiak ekiditea da. Gure lantaldearen oinarrizko printzipioa da: emaitzarik onenak lortzeko lan egitea laguntza bidezko ugalketa ahalik eta gizatiarrena eskainiz. 

, , , ,

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude