Go to Top

Endometrioa, funtsezko faktorea haurdunaldia lortzen ez denean

receptividad endometrial

Laguntza Bidezko Tratamendua ondo badoa, zergatik ez dut haurdunaldia lortzen? Zer dira endometrioaren-harmena eta ezarpen-leihoa? Zeintzuk haurdun gelditzeko irtenbideak?

Enbrioi egokiena hautatzea eta momentu egokienean transferitzea bi funtsezko faktore dira Laguntza Bidezko Tratamendu baten arrakasta bermatzeko. ERMap testari esker, Laguntza Bidezko Ugalketaren esparruko profesionalek endometrioaren egoera azter dezakete eta horrek transferentzia egiteko egun egokiena zein den erabakitzen lagunduko die. Hautaketa hori ongi egiteak eragin zuzena du emaitzetan, jarraian zehaztutako datuek erakusten duten bezala. 

Urte luzez Laguntza Bidezko Ugalketaren eta In Vitro Ernalketaren inguruko ikerketa gehienek enbrioien azterketan jarri dute indarra. Esanguratsuak izan dira ildo horretan eman diren aurrerapausoak, batez ere genetikaren ikuspegiari dagokionean. 

Hala ere, IVF Life taldean, IGLS laborategiak gauzatu duen lanari esker, gaur badakigu enbrioien kalitatea bezain garrantzitsua dela transferentzia egiterakoan endometrioa nola dagoen. Eta orain arte, datu hori izatea eta aztertzea ez zen batere erraza. 

Estefanía Rodríguez Doktoreak duela hilabete batzuk bideo honetan azaltzen zuenaren arabera, hainbat tratamendutan kalitatezko enbrioiak erabili arren ez zen haurdunaldirik lortzen (zenbait kasutan, gainera, emaileen obuluekin edo enbrioiak genetikoki aztertu osteko tratamenduekin eta transferentzia enbrioiaren bosgarren garapen egunean eginda ere, hau da, blastocisto-aldian, ez zen haurdunaldirik ematen). Teorian oso kalitate oneko enbrioik erabilita ere, tratamenduak ez zuen arrakastarik. 

Erantzun bat bilatzearen xedearekin, haurdunaldia ez lortzearen arrazoia emakumeen ezarpen-leihoa lekualdatuta egoteari egotzi zitzaion; izan ere, gaur badakigu, enbrioien ezarpen arazoetan, ezarpen-leihoa mugituta izaten dutela bikoteen % 28ak. 

Haurdunaldia gerta dadin, zer izan behar dugu kontuan?

Haurdun gelditzerako garaian, beste faktore askoren artean, endometrioaren harmena eta ezarpen-leihoa oinarrizko bi elementu dira, ekuazio perfektu modura aktibatzen eta bat egiten dutenak. Emakumeen endometrioa estruktura dinamiko bat da eta menstruazio-ziklo bakoitzean aldaketa ugari izaten ditu. Emakumeen gehiengoak aldaketa berdinak izaten dituzte momentu berdinetan eta, horregatik, posible da 28 eguneko menstruazio-zikloetan egun emankorrenak zeintzuk diren definitzea. Teknikoki, ezarpen-leiho esaten zaio denbora tarte horri. 

Hala ere, aipatu dugun bezala, hori ez da beti horrela izaten. Emakume batzuen kasuan, ezarpen-leihoa mugituta egon daiteke, egun emankorrak ohiko egunak baino lehenago edo beranduago hel daitezke, alegia. Informazio hori izatea ERMap testak ahalbidetzen du gaur. 

Zer da ERMap? 

Endometrioaren egoera zein den jakiteko funtsezko informazioa ematen duen froga bat da. ERMap testa egin ahal izateak informazioa ematen digu Laguntza Bidezko Ugalketaren esparruko profesionalei, izan ere, tratamendu batean transferentzia zein momentutan egitea komeni den erabakitzen lagun diezaguke, eta horrek isla zuzena du tratamenduaren emaitzetan. 

ERMap testa egitea fidagarria al da?

IVF Life taldeko laborategiak (IGLS) ikerketa bat egin zuen 204 bikoterekin. Bikote horiek guztiek, ikerketaren aurretik, emaileen obuluekin egindako 2 In Vitro Ernalketa tratamendu eginak zituzten, biak arrakastarik gabe.  

Endometrioaren prestaketa medikamentu bidez egin zen. Endometrioaren biopsia progesteronarekin hasi eta 5 egun eta erdira egin zen, enbrioien transferentzian egin ohi den moduan. Emaitzek ondorengoa erakutsi zuten: froga egin zuten bikoteen % 28ak ezarpen-leihoa lekualdatuta zuten.

Emaitzak ezagutu ostean, transferentziak 2 modu desberdinetan egin ziren: 

  1. Batzuetan ERMap testaren gomendioak jarraituta egin zen transferentzia. 
  2. Besteetan 12 orduko desbiderapenarekin egin zen transferentzia. 

Pertsona errezeptiboen kasuan, gomendioak jarraituz egindako transferentzien % 73an Beta positiboa izan zen; % 70ekoa,berriz, desbiderapenarekin egin zen emakumeen kasuan. Errezeptiboak ez ziren emakumeen kasuan, aldiz, bi taldeen arteko aldea nabarmenagoa izan zen. Gomendioak jarraituz gauzatutako tratamenduetan, % 75,5ak beta positiboa izan zuen; ERMap testak gomendatutakotik 12 orduz desbideratuta egin ziren transferentzien kasuan, ordea, % 33a izan zen tasa. 

Beta positiboa lortu zuten haurdunaldien jarraipena egin ostean, haurdunaldi klinikoaren tasa (bihotzaren taupadak entzutea) jarraian dugun grafikoan erakusten da: ERMap-en gomendioak jarraitu gabe gauzatu ziren haurdunaldietan abortu tasak gora egin zuen. 

Beste ikerketa batean, 126 bikote aztertu ziren. Kasu horreetan, ikerketa aurretik arrakastarik gabeko 2 In Vitro Ernalketa tratamendu eginak zituen bikote bakoitzak, PGS teknikarekin, hau da, enbrioiak ezarri aurretik genetikoki aztertzeko teknikarekin. Ikerketa horretan ere aurreko joera errepikatu zen. 

Bi kasuetan, tratamenduen arrakastak gora egin zuen ERMap-en gomendioak jarraituta, batez ere, ezarpen-leihoa mugituta zuten emakumeen kasuan: % 66ko arrakasta tasa lortu zen; gomendioa jarraitu gabekoetan, aldiz, % 11koa. 

Abortuen intzidentziaren joera ere errepikatu egin zen, izan ere, ikerketek erakutsi dutenaren arabera, ezarpenerako momentu egokiena kontuan izanik, enbrioia zenbat eta beranduago ezarri, orduan eta aukera gehiago dago haurdunaldia eteteko.

Informazioa, funtsezkoa eraginkorrak izateko

Ugalkortasunaren medikuntzaren baitan ematen ari garen aurrerapausoei esker, profesionalek funtsezko informazio ugari dugu eskura bikote batek haurdunaldia lortzen ez duenean zer gertatzen ari den aztertzeko. 

Tratamenduen efizientziaz hitz egiten dugunean, erantzunak emateko gaitasunaz ari gara, bikoteak haurdun gelditzea lortzen ez duenean zer gertatzen ari den identifikatzeko gaitasunaz, hain zuzen ere. Ekuazio perfektu horretan akatsa non dagoen ikusteaz, alegia. ERMap testa horren eredu da. 

IVF Life taldearen IGLS laborategian bide horretan dihardute lanean, puntako ugalkortasun medikuntza eskaintzeko xedea oinarri. Hau da gure taldearen konpromisoa: bikoteei haurdun gelditzen laguntzea, alegia, baita kasurik zailenetan ere.

, , , , , ,

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude